XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estatutoa BIHAR, Iruñean, Herri Batasunak deituta, Estatuto Nazional berri baten oinarriak sustatzeko irekiko duen prozesua zabalduko da, inguru politiko, sozial eta kulturaleko hamaika lagun bilduz.

Hauteskunde kanpainan sartzear gaudenean luzatzen den proposamena, hauek gaindituz, aurrerantzean bizitza politikoaren erreferentzi gune bilakatuko da, are gehiago Gernikako Autonomi Estatutoak hamar urte eta Nafarroko Foru Amejoramenduak zazpi urte bete behar dituztenean.

Izan ere, urteotan izandako gabeziak azalarazteaz gainera proposamen honek errealitate berriak sor daitezkeela frogatuko du.

Errealitate berriez hitzegiterakoan ezin gara, halere, egoera fantasmez aritu, negoziazio politikoaren bidea berrindartu beharko delarik.

Baina, aitzitik, espainol Gobernuaren joera beste nolabaitekoa dela susma daiteke.

Benetan argigarriak Mugica justizia ministrariak eginiko deklarazioak.

Ez dute, segur aski, ezer onik ekarriko.

Euskal preso politikoen kolektiboak bi hilabetez borrokari ekin dionean eta geratzen dena, nola esan daiteke presoak gertatzen denaz jabetzen ez diren mozolo talde bat dela?.

Beharbada, galdera honek, datozen asteotan ikus daitekeena aurrera dezake.

Sakabanaketa politikak aurrera joko duela, graduen ezarketaz, esateak ez du inor harrituko.

Baina bada beste asmorik. Amnistiaren aldeko Batzordea jasaten ari den erasoa ez da txantxetakoa.

Mugicak, Herri Batasunarekin batera, jopuntuan jartzen du Gestora.

Gainera, duela gutxi Andoainen izandakoa gogoratu besterik ez dago.

Udaletxeak, EE iniziatibaren buru zelarik, Gestoraren aurka ekin zuen, nahiko akusazio fundatugabeak azalduz, erakunde herritarrak, atxilotu baten egoera salatuz, kaleratutako komunikatuan ez dagoela mehatxurik esango bait luke edonork, irakurri ondoren noski, Komunikatu hori izan da, hain zuzen, komunikabideek atera ez dutena.

Guzti hau Amnisti Eguna bertan dugunean ematen da.

Baietz honen inguruan ere zeresanik izan?.